San Pedro eta gainontzeko santu guztiak



Batzuetan zaborra protagonista bihurtzen da. Hori gertatu zen aurtengo Altsasuko San Pedro "jaian".  Nik ez dakit zenbat pertsonek sakabanatu zuten zaborra zelaian, baina lasai asko ibili ziren, nonbait.  Zabaldu ziren argazkiak jende askok ikusi izan genituen eta haserrea piztu zen.  Ulergarria, nola ez!

Sokatik tiraka hasiz gero, zenbat istorio aurki ditzakegun, ezta? Duela urte mordo bat Joseba Zabalzaren kontakizun bat eskura iritsi zitzaidan (josebazabalza.net).  Bertan Guatemalako zabortegiaz ari zen.  Jendearen bizitzari lehentasuna ematen zion.  Pertsona haien egunerokotasuna zaborra zen.  Zaborraren artean bizi ziren.  Handik jana hartzen zuten.  Zabortegian bilatzen zutena saltzen ahalegintzen ziren.  Horrela orduak, egunak, hilabeteak, urteak.

Gure paisaian ere ez da batere arrotza zaborra.  Ikasi omen dugu bereizten, sailkatzen, botatzen behar den lekura. Baina, tristea bada ere, zaborra nonahi ikusten dut.  Erreparatzen diet zabor-edukiontziak dauden leku batzuei eta ... lotsagarria da.  Eta atez ateko poste batzuen inguruan ere behatzen dudana ez da aurreko adibidea baino hobeagoa.  Trasteak, poltsak hautsita, lurreak zaborrak egunak ematen ditu (ez dakit zeinek garbituko ote duen azkenean).



Eta tiraka... hezkuntza da etortzen zaidan hitza.  Hurrengoa ardura, ezkubaltasuna, lana ongi egina, gardentasuna, hanka sartzearen onarpena, gogoa, ekintza, utzikeria eza...  Zaborra erabiltzen dugunok ardura dugu, hau da, erabiltzaileok, mankomunitateak, udalek bakoitzak bere herrian, zaborrarekin lan egiten duten langileek, beraz, denok erantzukizuna gure ingurua garbiago izateko, ahalegina egiteko zenbat eta gutxiago sortzeko zaborra, hobetu dezakeguna jakinarazteko.  Baina, noski, instituzioek dute ardurarik handiena beraiek dituztelako baliabideak zaborra, kasu honetan, ahal den hobekien kudeatzeko.  Kanpotik ikusten dudana ez dut gustuko.  Barrutik zer ikusiko ote dute? Inoiz jakinen ote dugu?

Ondorio batera iritsi naiz: haserretzen gaituena ez da zaborra bera, baizik eta non dagoen, izan ere mitifikatzen ditugun toki horiek zorte handia dute besteen ahanzturarako, jasotzen duten zikinkeria agerian uzten dutelako.  Bai, nonbait utopia gustuko dut.

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak