Bernasako Arroila (Nabaskoze)
Hitz eta pitz Xabi López Saez de Asteasurekin
Zaborraren marmarra kontakatilua da, ezta?
Duela urte bete Zabor Zerbitzuan lan egiten amaitu nuen, nire lan-bizitzak
180º-ko bira eman zuen eta orain beste esparru batean lan egiten dut. Zaborren
inguruan zarata isolatzea benetan zaila egiten da, izan ere, arma politikoa
bezala erabili izana ez du batere laguntzen. Behin aipatutako zarata isolatuta,
emaitzak hortxe daude, edonoren esku. Nafarroako Foru Komunitatean Sakanan
bilketa-selektibo tasa altuena dugu, hortaz, sakandarrok lan txukuna egin dugu
horretan. Hobetzeko aspektuak badaude,
dena den Arbizuko Hondakin Transferentzia Gunean diharduten langileek
horretan lanean daudela argi dut.
Analfabetoak gara naturaren ikasgaian?
Analfabeto hitza sekula gustatu ez zaidan hitza da. Agian txikitan irain
bezala erabiltzen genuela gogoratzen dudalako. Deskonektatu hitza nahiago dut,
jendeak naturarekiko konexioa galdu baitu. Egun, baratzera ez gara joan behar etxean bazka
izateko, edonondik ekarritako tomateak jan ditzakegu urte osoan zehar. Bizimodu
eroso honek superurbanita bihurtu
gaitu eta guregandik oso gertu ditugun baso, larre eta mendiak arrotz ikustera eraman gaitu.
Eta natura euskaraz izendatzerakoan?
Nire kabuz hartutako erronka horietako bat izan da, ikasketetan gazteleraz
ikasi nituen izen arraro horiei euskarazko itzulpena bilatu eta ikasi. Gaur
egun aplikazio zein plataforma egokiak ditugu izen hauek ikasteko. Hegaztien
arloan kasu, Aves de España (SEO
Birdlife) aplikazioak izen zientifikoaz gain, espezie desberdinen izenak
gazteleraz, ingeleraz eta euskaraz ematen ditu. Bide batez, txorien mundu
magikoan murgiltzeko asmoa baduzue, aipatutako aplikazio biziki gomendatzen
dizuet. Frikien artean azken moda,
izen zientifikoa ikastea da, horrela mundu osoan ulertu ahal zaituzte Milvus milvus (Miru gorria) migrazioan
ikusi duzula aipatzean.
Azken bolada honetan indarra hartzen ari da ingurumen hezkuntzak, tresna interesgarria dela argi eta garbi dago. Basozainok, geroz eta gehiago aplikatzen hasi dugu gure eguneroko lanean, mantso baina abiadura hartzen goaz.
Irati turismoaren bila. Deialdia jendeak beste leku bat aukeratu dezan
Ez bakarrik Iratin, Urederrako Erreserba Naturalean ikusi dugun legez,
masifikazioak ez dio inongo faborerik egiten ingurumenari. Pandemiak turismo
aukerak asko murriztu ditu, bertako-turismoak halabeharrez indarra hartu du eta
orain hori kudeatzea izango da gure erronka. Turismo hori dibertsifikatu
beharra dago, Sakanan leku apartak ditugu bisitatzeko, hala nola, Etxarri
Aranatzeko hariztia, Irañetako iturburua, Beriain…
Mendi tuntuna (Txamantxoia, Izaba)
Soilik maite dena zaintzen dugula
esaten da, eta esamolde horrekin erabat ados nago. Aise esaten da, zaila berriz
helburua lortzea. Gazteek natura argazki finko bat ez dela ikasi behar dute,
onura ekonomiko zein emozionala ematen digun errekurtso bezala ikusi behar
dute.
Ikastetxeetan baratzak jartzea abiapuntu bat dela esan daiteke, gure
txapiskolek patatak ereiten direla
jakitea (EZ landatu) aurrera pausu bikaina da.
Tekla egokia sakatzen jarraitu behar dugu.
Ahate kreoleak ibaian, pasaportea izanen ote dute?
Egun hauetan gure zeruetan kurriloak ikusten ari dira, haien tronpetak
nahastezinak dira. Haiek argi uzten digute mugak gizakiok asmatutako
kontzeptuak direla:
-Pasaportea badaramazu? Galdetzen dio “V” erako formazioan doan kurrilo batek
bere atzean doanari.
-Tira ixo, ez esan txorakeriarik eta
kenduidazu haizea aurrean , nekatzen hasia naiz eta.
Iruñean presak eztabaidagai, eta Sakanan zergatik ez?
Iruñea Sakana baino urbanitagoa da. Hala ere, hirietan kolektibo
kontserbazionistek indarra daukate, Sakanan baino askoz gehiago. Behintzat
eztabaida sortzea lortu dute, ez da gutxi.
Presa bat botatzean emaitzak hurrengo egunean ikus daitezke, honen
erakusgarri Orontzeko presa (Zaraitzu Ibarra), duela gutxi bota izan zen eta
handik pare bat egunetara jada amuarrainek oztoporik gabeko bizilekua aurkitu zuten.
Habitatak kalitate jauzi ikaragarria ematen du obra oso sinple batekin.
Oreka TX agian? Mmm… ez dut uste….
Txalaparta horren garaia, potentzia eta maiztasuna ezagututa soinujolea nor
den asmatu dezakegu. Gure basoetan bost motatako txalaparta soinuak entzun ditzakegu,
beraz bost txalapartero
desberdin dauzkagu. Arruntena okil handia da (Dendrocopos major), txalapartari nekaezina.
Okil berdea (Picus viridis) oso
gutxitan jotzen du, baina samur detekta daiteke bere irrintzia nahastezina baita.
Bestalde okil beltza (Dryocopus
martius), okilen artean handiena dugu, txalaparta indar handiz astintzen du.
Zorionez, gure mendi magaletan gero eta arruntagoa den hegaztia da. Kantua ere
nahastezina da.
Okil txikia (Dendrocopos minor),
etxe txolarrearen tamainako txoria dugu,
lehengusu txikia dela esango genuke. Gure ibai inguruak eta hariztiak maite
ditu, kalitate handiko habitaten adierazlea dugu. Honen txalaparta askoz
apalagoa da, bolumen baxuan jotzen du, tamainak kasu honetan garrantzia badu…
Azken paragrafoa Sakanako harribitxi
bati eskainiko diot; Okil ertaina (Dendrocopos
medius). Tarteko tamaina duen okila dugu, haritz, ametz zein erkametz baso
helduak maite dituen hegaztia da. Sakanan egindako azken prospekzioek zita
gehiago ematen ari dira. Albiste bikaina, Nafarroako mehatxatutako faunaren
katalogoan “Kaltebera” kategorian sailkatuta baitago.
Zapelatz arrunta (Altsasu)
Itzultzaile bat behar dut, ez ditut naturaren seinaleak ulertzen
Gaur egun, esparru guztietan bezala teknologiak honekin lagundu ahal gaitu.
Txorien kantuak identifikatzen dituzten aplikazioak gure sakelako telefonoetan
izan ahal ditugu. Birdnet aplikazioa
gomendatzen dut, asmatze-tasa altua duen aplikazioa da, gainera kantuak
gordetzeko aukera ematen du.
Are ikaragarriagoa da saguzarren ultrasoinuak detektatu eta identifikatzen
dituen programa, hauek ere sakelako telefonoaren bidez erabil daitezke.
Ikusten duzunez, trikimailuak badaude baina egokiena naturan denbora luzeak
ematea eta patxadaz hartzea da.
Sakanako baso eta mendietan ezkututako ”opariak” gure zain daude!
Benetan elkarrizketa ederra!!
ErantzunEzabatuXabi aurretiaz ezagutu nuen mintzaldi batean eta igertzen da arima ematen duela bere lanean. Holako pertsona gazteak eta naturarekiko jarraitsaile sutsuak behar ditugu mendi zein erreketan.