Zozoa, zu

Neguaren lehendabiziko bizpahiru egunetan, zozoak esnatu ninduen goizeko seiak aldera. Ez zen udaberrian izaten den bezain luzea izan kantua, erlojuari ez nion begiratu hegaztien txioka ez baitut inoiz ere erlojupeko probatzat hartu izan, baina minutu batzuk aritu zen, bai, txioka.  Denbora eman zidan ohetik entzuteko, presarik izan gabe jaikitzeko, gozatzen egunsentiaren saria.   Hegazti arrunta da, egunero ikusten den horietakoa. Horregatik bizitzari eskerrak emateko aitzakia bikaina dauka, bere burua arerioengandik babestu dezake eta. 

Bideberrian, arrisku-kirola gustuko ote duen pentsatu izan dut maiz, aurrealdetik gurutzatzen da beste aldeko zuhaixketan kokatzeko tupust egin gabe kotxearekin.  Ez da falta gora begiratzea hegaz ikusi ahal izateko, bera beste maila batean dago, behe-auzoetan eta ikarak airean egonen balitz bezala, zuhaixketan erdi estalirik harrapatzen dugu zeharka begira.  

Arruntasuna ez da gure artean begi onez ikusten den bertutea -gaur egun berritasunak behar ditugulako uneoro-, horren kantua, ordea, kontzertu eder bat bilakatzen da eta horrek berezitasunari leihoa zabaltzen dio. Hain da liraina eta garbia bere txistua! Entzuleak, batez ere, barre eginen dio zozoaren arruntasunari eta txoko batean geratuko da bere sinfonia entzuten, goi mailako orkestra sinfoniko baten aurrean balego bezala.

Eta etorriko dira udaberriko ordu txikitan ametsetatik esnatzera, ondoko zuhaitzen artean bere kantuz alaitzera mundu trakets hau.  Eta zapata botatzekotan egonen naiz, lotan jarraitu nahi izango dudalako. Baina, ba ote dago iratzargailurik hobeagorik? Eta etorriko dira arratsaldeak eguna bukatzera, zozoari lekua uztera, eta bere kantu malenkoniatsuaz arnastuko ditut eguzkiaren azken izpiak.




 


Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak