Legea,  bioaniztasuna, sentikortasuna, koherentzia, ideologia, itxurakeria…?


Rachel Carson-en “La primavera silenciosa” liburua irakurri nuen egun horietako batean uda zen.  Eguraldi sargoria, beroa, isiltasuna, eguzkiak gogoz jotzen duen eguerdiko ordu horiek ziren.  Ez zen ezer entzuten.  Hegaztiak zuhaitzen itzalpean, babesturik.  Liburuak Estatu Batuetan DDT-ak eragindako kutsadura nolakoa izaten ari zen kontatzen zuen.  Insektuak hiltzen, hegaztiak ere.  Galdera bat bota zuen: “Irudikatzen duzue mundu bat hegaztirik gabe?”  Momentu horretan, esan bezala, ez zen ezer entzuten eta izugarrizko tristura sentitu nuen. 

Antzekoa sentitu dut gaur gure enara azpizuriak ez zeudelako txioka. Kabira, txitak daudenean, ez dira bakarrik gurasoak joaten, baizik eta enara azpizuri gehiago. Familiakoek edo, buelta asko ematen dituzte bertara.  Oraindik ez dakit elikatzera joaten ote diren edo zertara, baina behaketa hori ikusi ahal izan dut kabia eta enara azpizuriak zeudelako.  Bai, ZEUDEN, norbaitek kabia hautsi du eta.

Gogoeta egiten dut, berriro ere, kontzientzia ez baita oihuka soilik agertzen den horietakoa, baizik eta egunero zizelkatzen dena, pentsamenduz, irakurriz, hausnartuz, barnean jorratuz geure argilunak, onartuz, aldatuz.  Egiten ditugun hainbat ekintza, modari jarraiki edo, itxurakeria bihurtzen dira. Hutsik geldituz. Mamirik gabe.

Askotan zentzua da abian jarri behar duguna, legea atzetik dator.  Maiz legealdia baliogarria suertatzen zaigu zentzuduna dena defendatu ahal izateko, nahiz eta hainbatetan legea ulertezina bihurtu. Baina hori beste eztabaida luze bat da.

Kabiak haustea bioaniztasunaren aurka doa.  Artisautzaz egindako lana ukatzea da, hain txikiak izanik, gauza handiak egiten baitituzte.  Handiak azkartasunaz beteta daudelako, irmotasunez, gogorrak eta eraginkorrak ez baitira nolanahi ere hausten gure laguntzarekin ez bada.  Kabiak haustea legez debekatuta dago eta hain zuzen, gure enara azpizurien kabiak babestuta daude, legez eta zentzudunez.

Babes bereziko erregimenean dauden basaespezieen eta espezie mehatxatuen Espainiako katalogoaren zerrenda. 139/2011 Erreal Dekretua, otsailaren 4koa.


 


Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak