Hitz eta pitz Agotzenea-ko Urtzirekin eta Anderrekin


1- Urtzi eta Ander, idealistak eta filosofoak?

Argi dago filosofada luzeek ekarri gaituztela hona eta idealismo puntu bat gabe ez ginatekeela hain urrun iritsi izanen. Inoiz inork kamikaze bezala ere definitu gaitu. Eta guztiak egia dira hein batean. Baina, era berean, langile, iraultzaile, burugogor, ausarta,… esan digute eta seguru bidean ezagutu gaituen bakoitzak izenondo ezberdin bat erabiliko luke. Gu pozik gaude guztiekin eta eroso gaude egiten ari garen ibilbidearekin. Hobe biziko ginateke agian piska bat kapitalistagoak izango bagina. Edo ez. Auskalo. Asko dira egin ditugun gauzak eta hartu ditugun erabakiak, eta asko bidean geratu direnak. Kontraesanak gara.



2- Etxea ala pertsona, zein da lehendabizikoa?

Bizitako azken krisi honetan agerian geratu da, behin eta berriz, pertsonak erdigunean jartzea ezinbestekoa dela. Eta konfinamenduan agerian geratutako beste gauza bat, etxebizitzek duten garrantzia da. Pertsonak eta hauen osasuna garrantzitsuena delako, 10-12 ordu inguru igarotzen dugun eraikinari ere arreta jartzea ezinbestekoa da. Naturarekiko errespetuaz haratago, eraikinak habitatzen ditugunon osasuna bermatzea ezinbestekoa baita.

3- Gizartearen aldaketak, eraikuntza koloredunak?

Kolorea ematen duten pigmentu eta beste osagaiak naturalak badira eta koloreak bizitzen dituenekiko osasuntsuak badira bai behintzat. Eraikinak bertan biziko direnen beharretara egokituak egon behar dira eta pertsonak erdigunean jartzen soilik lortuko dugu hori.

 Nonbait irakurri genuen eraikin guztiak karratuak egiten zirela, etxe karratuak, logela karratuak, armairu karratuak, kaxoi karratuak,... Baina ez al gara gu anitzak? Ez al da lurra borobila?

 Hiru seme-alaba dituen bikote batek edota pertsona bakar batek etxe berdina du askotan. Zentzua ote? Etxeetan kalean baino kutsadura gehiago dago askotan Greenpeacek aspaldi egindako ikerketa batean agerian utzi bezala.

4- Zazpi urte zuen proiektua abian jartzeko, zer da denbora?

Atzera begiratuta denbora oso azkar pasa dela ohartzen gara, seguraski honaino eginiko ibilbidearen abiadura biziaren ondorioz. Aurrera begira ditugun proiektuak batzuetan urrundu egiten dira hurbiltzen garen heinean. Edo horren antza du. Seguraski, asko direlako eta hurrengoetan pentsatzen gabiltzalako.

 Zaila da jendea ohartzea zenbateko lan esfortzua dagoen proiektu bat hasi arte. Lehen adreilua jartzerako 3 urte generamatzan lanean eta milaka euro gastatuak. Eta oraindik, dena egiteko.



 5- Ekonomia zirkularra? Non dago sarrera?

Gure ikuspuntutik, gertu eta inguruarekiko errespetuz ekoiztutako errekurtsoak kontsumitzean hasten da. Horretarako, ezinbestekoa da gure benetako beharrei buruz hausnarketa sakon bat egitea eta horrek dakarren bizi ereduari buelta bat ematea. Bioeraikuntzari dagokionez, gure beharrei egokitutako zerbait dimentsionatu, inguruaren inpaktua minimizatu, errekurtso pasiboak probestu (eguzkia gehien bat), kanpo errekurtso horien beharra ahalik eta txikiena izatea eta, azkenik, kanpo errekurtso horien kontsumoan arreta jarri (energia berriztagarriak adibidez).

Baina gakoa ikuspegi “holistikoan” dago. Kontraesanak onartu bai baina, aldi berean, etengabeko gatazkapean egon.



6- Energia, geurea aprobetxatzen ikasi?

Argi dago militantziarik gabe etorkizunik ez dagoela. Ez dakit galdera beste nonbaitetik zihoan (arropa garbigailurako txindularen bitarteko sistema mekanikoaren garapenean agian?). Guk oso gaztetatik daramagu gizarte hobeago baten aldeko borrokan eta arlo pertsonaletik arlo profesionalera eramatea erabaki dugu. Horregatik ezinbestekoa ikusten dugu gure bailaran bizi eta lan egiteaz aparte, enpresa bezala gizartearen hobekuntza izan beharko genuela helburu. Gure energia horretara bideratuz.

7- LH, zuekin berriruko da?

Gure ametsetako bat da. Hezkuntza Departamenduko LHko zikloen zuzendariarekin biltzera iritsi gara, baina ez gintuen serio hartu. “Goitik norbaitek ezer esaten ez badie, egunerokotasunari aurre egiteari ekingo diotela”, eta hala adierazi zuen. Seguruenik etorkizun hurbil batean beste saiakera bat egingo dugula eta ordurako planteamendu osatuago bat eramango dugula, baina horretan lan egitea lan asko suposatzen du eta oraintxe bertan ez dugu energia eta denbora horretan inbertitzeko aukerarik.

 Ondo legoke, administrazioetatik, horren garrantziaz ohartzea eta bioeraikuntzako LH ziklo bat martxan jartzeko lehen urratsak ematea. Baina oso zaila da lan hori militantzia formatuan egitea. Errekurtsoak jarri behar dira mahai gainean. Guk ordu gehiegi eskaini ditugu jada debalde nafar gobernuko teknikariak formatzen.

8- Aholkularitza, interesatzen zait

Urte hauetan eginiko ibilbidea gogorra izan da. Lan asko egin dugu, eta ez soilik eraikuntzari dagokionez. Bidaiatu, formakuntzak ordaindu, legeak ikasi, prozedura administratiboak ulertu, arlo finantzieroaren trikimailuak zerrendatu, Europako dirulaguntzen justifikazioekin borrokatu, politikari nahiz teknikoak ulertu, Nafar Gobernuko makinaren burokrazian sudurra sartu, eta abar, eta abar. Horrek, ikuspegi oso zabal bat eskaini digu gurearen antzekoak diren proiektuen garapenari dagokionez. Gainera, mediatikoki egin dugun lana, sareetan adibidez, eta hona hurbildu diren milaka pertsonen harremanetan sakondutakoak, erreferente bilakatu gaitu gizartean. Hortaz, jende asko dator gure laguntza eske. Hasieran laguntza hori debalde egiten genuen, motibazioan oinarritua, baina iritsi zen momentu bat non ezinezkoa egiten zitzaigun denbora hori eskaintzea gureak egiteari uztea suposatzen zuelako. Eta hortik atera zen aholkularitza formatuan lan egitearen ideia. Jendearen beharrei erantzun praktiko bat ematetik hain zuzen.

9- Baratzeak, bizitzaren aldaketak

Bai. Argi dago hirietan bizi den jendea ezinezkoa duela bere elikaduraren ekoizpenaren ardura hartu eta bi metro karratuko balkoi batean (balkoia badu) subiranotasun elikadura lortu. Baina aukera dugunok, egiteko ardura dugu. Elikadura industrializatuari hozkada bat lapurtu eta beste eredu batzuk badaudela erakusteko. Eta bide batez, hiriko jendearen elikagaiak ekoizten dituzten horiek ere ikas dezaten badaudela monokultiboa baino haratago dauden eredu baliogarriak (eta errentagarriak) non etorkizuna Monsanto bezalako enpresa suntsitzaileetan baino, bizilagunaren abereetan jartzen dugun.



10- Ez diot basoari entzuten, gorra egonen ote naiz?

Ez dugu basoa entzuten eta ez da, basoak minaz oihukatzen ez duelako. Ez dugu entzuten interesatzen zaigun ezer esaten ez duela uste dugulako. Eta noski, entzuten irakatsi ez digutelako.

Basoa zen horretan txertatu gara gizakiok eta hortaz, perspektiba batean edo bestean, baso artean jarraitzen dugu. Horregatik, ezinbestekoa zaigu gure eta gure inguruarekiko dugun harremanaz mintzatzea. Basoak zaindu egin behar dira, baina basoak zaintzea ez da basoak ez ukitzea. Basoak kudeatu egin behar dira.

Baso baten bizitza ziklikoa da eta adibidez sutea da bere inflexio puntua. Baina askoren ikuspuntu antropozentrikotik, sute bat ikaragarriko desastre ekologikoa da. Animalien erabilpena edo ez erabiltzearen arteko antzeko eztabaida bat da. Guk gure iritzia dugu, baina ez gatoz inor konbentzitzera.

11- Lastoa etxea eraikitzeko. Behi bat ondoan. Arriskutsua ote?

Behi batek zure lastozko etxeak duen lastoa eskuragarri badu zerbait gaizki egina dago. Adierazgarria da nola bioeraikuntza irizpideekin eginiko etxe batean itogin bat edo arrakala bat agertuz gero, laister zabalduko den, bioeraikuntzak horrelakoak dakartzala. Baina zenbat arrakala, zenbat onddo eta zenbat patologia daude porlanezko paretetan gure inguruan? Arazoa ez da hainbeste ze materiala erabili duzun, baizik eta gauzak ondo edo gaizki eginak dauden. Hiru txerritxoen istorioak min handia egin du baina guk gure bertsio propioa dugu. Etxe bat aste batean ezin daiteke eraiki, berdin zait ze materialarekin. Eta ez ahaztu, gaur egun munduan urte gehien zutik daramaten eraikinak material naturalez eraikiak daudela.

 Lastoaren erabilera eraikuntzan oso iraultzailea da. Material bikaina da, Passivhaus estandarra betetzen du isolamenduari dagokionez, merkea da, gaur egun askotan balio gabeko eta kudeatu beharreko zakarra da. Milaka tona erretzen dira urtero haiekin zer egin ez dakitelako.


12- Pirinioak, zer dago egiteko?

Gure bailara Pirinioan espreski kokatua ez badago ere, antzekotasun handiagoak ditugu Pirinioekin Iruñerriarekin baino. Edo agian ikuspegi erromantiko puntu bat ere dago afirmazio horretan. Baina argi dugu Pirinioan bizirik dirauen balioekin bai identifikatzen garela. Eta bertan asko dago egiteko.

 Gaur egun landa eremuan dagoen arazo nagusia despopulatzea da. Horretarako, bertako bizilagunen bizi baldintzak hobetu behar dira eta bizi baldintza duinen erdigunean lana eta etxebizitza daude.

Lanari dagokionez, hiru dira gure ikuspuntutik landa eremuak bizirauteko dituen alternatiba: alde batetik, lehen sektorearen egonkortasuna, iraunkortasuna erdigunean jarriz. Bestetik, turismoa; eta horretarako, ezinbestekoa da landa eremuaren izaera mantentzea (natura eta estetika). Eta azkenik, energia sortzea (gehienetan aurreko irtenbidearekin kontrajarria dena). Gainera, gehienetan, azken hau, biodibertsitatearen suntsiketa suposatzeaz aparte, ekonomikoki makro enpresen mesedetan jartzen ditu bitartekoak. Horregatik, azken honen aukera deuseztatu egin behar da eta energia modu lokalean ekoiztera behartu beharko genituzke herri nahiz hiriburuak. Gure bailaran errota eolikoen makroproiektu bat mahai gainean dago eta denbora daramagu honi aurre egiten. Ez dakit geldiaraztea lortuko dugun, baina hilabete hauek eta gero, gauza bat bai argi dugula: argudioak baditugu!


13- Kooperatibak, badu mamirik?

Kooperatiba batek mamia izan dezake edo ez. SL bat asanblearioa edo guztiz jerarkikoa izan daitekeen moduan. Edozein kasutan, autoesplotaziotik ihes egitea da zailena.

 Gaur egun oso bitarteko gutxi eskaintzen ditu administrazioak gazteen emantzipazio laboralerako. Maiz ikusten ditugu egunkarietan nahiz telebistan honekiko intentzioak baina agerian dago praktikan, gizarte bezala, ez dugula asmatzen ari.

 Naturaren errespetua erdigunean jartzen dugu munduko industriarik handienetarikoa den eraikuntzari alternatiba bat eskaintzen, gazte lanpostuak sortzen ditugu, landa eremuan sortzen ditugu, zentzu hezitzailea dugu gure oinarrian, formakuntzak, hitzaldiak eta iraunkortasunarekiko zabalpena dugu helburu nagusia. Eta boleto guzti hori guztiekin ere, inor ez da etorri (administrazioetatik) guregana ezer eskaintzera. Egiten ari garena balioan jartzera bai eta baita txalotzera ere. Eta hori ere eskertzekoa da. Baina ezer gehiago. Sistema bezala zerbaitetan asmatzen ez garenaren seinale.

14- Herri bat, nolakoa, ordea?

Herriak, noski, anitzak. Baina irizpide bat definitu beharko bagenu, zera esango genuke: posible duen heinean (populazioak eta kokalekuan dauden errekurtsoak mugatuko baitu) kanpotik ekarri beharreko errekurtsoak ahalik eta gutxienekoak izatea. Eta bertan dauden errekurtsoak modu iraunkorrean kudeatu (lurra ez agortzeko).

 15- Nola ikusten duzue bioeraikuntzaren etorkizuna?

Etorkizun hurbil batean petrolioaren agortzeak markatuko du gizartearen ibilbidea. Energiaren eta materialen ekoizpena kolokan jarriko da (minimo garestitu egingo da) eta horren kontrolarekiko herrialdeen arteko gatazkak areagotuko dira. Horregatik, hurbileko material natural eta berriztagarrien erabilpena energia eskari gutxi izango duten eraikinak eraikitzeko aukera bakarra bilakatuko da. Horrela, etorkizun oparoa aurreikusten dugu, krisi global baten kontestuan bada ere. 

Argazkiak: Ander eta Urtzi

 

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak