Zena ez da.  Dena, zer izanen ote da?


Basoitxian haritz amerikarrak kendu eta hemengo haritza landatu nahi zituztela irakurri nuenean, zalantza ugari etorri zitzaizkidan burura.  Horrelako izenburua jarri ondoren, informazio zehatza eman beharko litzatekeela uste dut.  Eta informazio hori udalak dauka.  Basoa oso garrantzitsua dela denonandako jakinik, zergatik ez informatu dagoenaz.  Zeharo aldatzen ari gara mundua, oso azkar, beraz, badaude gai batzuk plazaratu beharko liratekeela, esate baterako, hau bera.



Larreak zeuden tokian haritz amerikarrak landatzea izan zen apustua.  Orain, gozatu ditzakegu duela laurogeiren bat urteko egindako lanaz.  Eta orain ere garaia iritsi zaigu erabakiak hartzeko.



Denak batera moztu behar dira? Ezin da batzuei mozketa batzuk egin lehortzen joan daitezen? Zer plangitza dago mozten direnean? Noiz? Nola? Abererik bai? Zeintzuk? Denek ez baitute gauza bera jaten. Nahikoa ote daude? Zenbat diru aurreikusten da eman behar digutela zuhaitz horiek? Zertarako erabiliko da? Zenbat balioko du hemengo haritzak landatzeak? Zenbat urtetako lana izanen da? Udazkenean izugarrizko kolorea ematen dute haritz amerikarrek? Balioan jartzen da hori? Ezin dira batzuk utzi udazkenari kolorea emateko? Uzten badira, zenbat utzi, non? Merezi ote du? Zer irabazi behar dugu paisaia aldatzen badugu? Zer animalia edo landaretza erakar ditzake hemengo haritzak? Biodibertsitate gehiago bai, baina zein? Zuhaitzak at, zer gehiago galdu dugu? Badakigu?




Gustura asko joanen nintzateke horrelako hitzaldi batera, edo bira, edo behar denetara.  Gauzak argi eta garbi esaten direnean, ingurua ere aldatzen joaten da.  Kontzientzia, iritziak, aurreiritziak, ikuspuntuak ikusmira, eztabaida piztu, ezagutza handitu, zaintza…  Basoaren orroa entzuten hasia naiz.



 

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak