STOP CORTADERIA SELLOANA
Azken bolada honetan Cortaderia selloana edo Panpa belarra-ri buruz berri asko ikusten ari naiz. Beharbada nire begirada horretan dagoelako, eta horregatik landare horren berriak erakartzen ditut niregana imanak balira bezala.
Kontzientzia sortzeko asmoz edo, berriek larriki adierazten dute landare honen zabalkundea egunetik egunera handitzen doala. Eta Sakana lekukoa bihurtu egin zaigu, bertan eta herri askotan, denetan ez bada, landare honen lumek harro erakusten dute haizearen laguntzaz ehunka jaio daitezkeela. Goitik behera begiratzen digute, bizpahiru metro handitu daitezke eta.
Ez da espezie inbaditzaile bakarra, baina bai kaltegarrienetako bat. Hain da garrantzitsua, STOP LIFE CORTADERIA SELLOANA proiektua jarri zela abian duela urte batzuk. Portugaldik Frantziara mendikate kantauriar osoa harrapatzen du. Nafarroan ez gaude proiektu honen barruan, eta ez dugu horrenbeste panpa belarrik, baina izan badugu eta hemen ere hedatzen doa inongo lotsarik gabe.
Erraza da identifikatzen lumak ateratzen baitzaizkio, uda aldera, udazkenean oraindik xarmangarri ikus ditzakegun arren. "Auzoko behiak, errape luze" dio gure atsotitz batek. Bai, jendeak libreki hartzen ditu lumak lorontzi batean jartzeko etxeko egongelan. Baina inork hartuko luke aitzur bat inorena ez den landare hori eta denon mesederako kentzeko? Bai, gure atsotitzak arrazoi du, "Auzoko behiak, errape luze".
Hala ere, ez dezagun geure burua engainatu! Lumarik ikusten ez badugu ere, Cortaderia selloana hor dago, erne, gure lurrak konkistatzeko prest. Utziko al diogu?
Altsasun basoan sartu zaigu. Hortxe dago lasai asko gure aldapak igotzen, bideak zeharkatzen, gure lurra lapurtzen. Eta gu bitartean, zeruari begira distira den hori urrea ote den galdetuz.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina