Eskola



Txikia nintzenean eskolara eraman ninduten gurasoek.  Herri txikia zenez eskola ere txipia zen eta ikasle gutxi geunden bertan. Ni gazteena nintzen eta sartu nintzenetik ez zen haur gehiago etorri. Zazpi lagun ginen, besterik ez.

Gure maistra, adineko emakume bat, beti berandu iristen zen. Esaten zuenez, zituen ametsak apuntatu behar zituen ez ahanzteko eta horrek atzeratu egiten omen zion irteera. Ametsak bidaiak zirela zioen, eta bidaiak ezin direla erditik moztu ogiak balira bezala.

Batzuetan negurako egiten zuen jertse bat edo beste, edo soinekoren bat josi, eta bera horretan zegoen bitartean, zazpiok bere inguruan egoten ginen sutondoan bezala. Oso hozbera zen eta negua iritsi orduko, jertsea mustu egiten zuen.

Horrela pasatu nituen hiru urte nire ikaskideak beste eskola batera joan ziren arte. Bakarrik gelditu ginen maistra eta biok. Berak beti bezala jarraitzen zuen, ez zuen inongo asmorik ohiturak aldatzeko. Ametsak apuntatu, berandu iritsi, josi, puntua egin. Eta ni, bitartean, bere ondoan hotza ala beroa egin.

Maiz aski bere gazte garaiko istorioak guregana ekartzen zituen, beste batzuetan aldiz, matematika egiten genuen. Ahozko klaseak beti ere, memoria landu egin behar zela eta arbelan idatzita ez nukeela inoiz gogoratuko ikasitakoa.

Aspertu egiten nintzen ni, ordea, lagunik gabe eta hori gutxi balitz, ez nuen apenas ikasten ezin bainuen elkarrekin ezer egiten. Tarteka maistrak nirekin jolastu egiten zuen, baina ezin zuen korrika egin, ezta soka saltoka eta kanikekin oso txarra zen. Beti irabazi egiten nion eta ez zuen hori onartzen. Galdu edo irabazi nik beti nazka-nazka eginda bukatzen nuen.

Egun batean pozik eta alai etorri zen eskolara. Ametsetan leku zoragarri batera bidaiatu egin zelakoan nengoen, baina hori ez zen arrazoia izan. Ispilu bat ekarri zidan nire irudiarekin jolasteko eta ikasteko. Esan zidan norberaren buruaren lagun-mina izan beharko genukeela, eta orain aukera aparta nuela hori ikasteko.

Geroztik pozez zoratzen abiatzen nintzen eskolarantz jakinda eskolako atea zabaltzean nire lagunik onenarekin elkartuko nintzela.

Argazkia: internet

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak