Enara azpizuria, gu eta aparkalekua


                                     

Jakina da aparkalekurik ezak buruhauste handiak sortzen dituela.  Bueltak eman behar, denbora galtzea, isunak gaizki aparkatzeagatik, haserrea…  Eta jakina da ere, aparkaleku batek poztasuna ematen duela.  Badugu aparkalekua!! Akabo gure arazoak!!

Altsasun, arazo hori  badugu eta horren ondorioz aparkaleku bat egin dute etxe artean.  Makina bat urte belarrak txakur kaken ongarria izan duen leku horretan, hain zuzen, badugu aparkalekua! Uxatu dut izan zitekeena: leku bat guretzat.



Herri ingurua paregabea da, baso ederra dugu eta paseo bat emateak gorputza eta burua lasaitzen ditu eta metodorik hoberena bihur daiteke naturarekin bat egiteko, norberaren senarekin etortzeko.  Herrian aldiz, eta nahiz eta itxura eta beharrezkoak ziren hainbat obra egin ondoren, berdeguneak faltan sumatzen ditut, zuhaitzen itzala eta loreen usaina. Uxatu dut izan zitekeena: leku bat guretzat.




Aparkalekua egin aurretik euriak putzuak egiten zituen.  Enara azpizuriak bertara joaten ziren edatera, izan ere, bere habiak hor dituzte teilatuen azpian.  Zer urruti gauden ulertzeko txoriak zaindu behar ditugula, baita bizitzeko duten ingurumena ere! Asfaltoa berdegunea baino hobe, nonbait.  Uxatu dut izan zitekeena: leku bat guretzat eta gure enara azpizuriarentzat.



Etxe berriak eraikitzeko garaian txoriendako leku aproposak jarri behar dira legez.   Eta berritu egin behar diren etxeetan ere hori kontuan izan behar da.  Informazio hori jende askok ez daki eta udaletatik jakinarazi beharko litzateke baimenak eman aurretik.  Ezin dira habietan dauden babestutako animaliak eragotzi, ezta habiak hondatu, ezta habiak egiteko dituzten inguruak ere.  Uxatu dut izan zitekeena: leku bat guretzat eta gure enara azpizuriarentzat.





Nondik etorri ote gara hain bitxiak izateko? Lekuak nahi ditugu kotxeendako, horretan kontzientzia handia dugu eta, aldiz, ez ditugu gure espazioak aldarrikatzen. Mundua hankaz gora.

Babes bereziko erregimenean dauden basaespezieen eta espezie mehatxatuen Espainiako katalogoaren zerrenda. 139/2011 Erreal Dekretua, otsailaren 4koa.




Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak